Harrizko mahai baten gainean dago eserita Julio Soto, oinak, hautsita dagoen harrizko eserleku puska batean tinkatuta. Eta han barrenean, argazkiaren hiru laurdenak hartzen dituela, herri bat ageri da lehen planoan, ibaitzat hartu dudan ur besoa bigarrenean, eta landa lau berdeak hirugarrenean. Bistan da paisaia horrek garrantzia duela elkarrizketaren laguntzaile gisa, baina nik ezin antzeman ze inguru zen ere.
Irurre omen da, Lizarra aldeko herria, Allozko urtegiaren inguruan. Beñat Zamalloa elkarrizketatzaileak kontatzen digu aitaren herria aukeratu duela propio Julio Sotok, anaia zenaren “tokirik kutunena” zelako.
BERRIAko artikuluetan deskubritu nuen nik Julio Soto, beti sakonera eta haratagora jotzen duten idatziekin, banalitatetik urruti. Duela hilabete pare bat, Eibarko saihesbidean hil ziren bi ikasleetako bat Sotoren anaia zela jakitean, zirrara berezia sentitu nuen, sentsibilitate aparta igartzen zaion mutilak nondik nora joko zuen ikuskizun.
Elkarrizketan, konstantea da anaiaren presentzia-ausentzia. Ikusten da Txapelketara eraman duela Sotok dolua, eta dolu horren barruan sartu duela Nafarroako Bertsolari Txapelketa bizitzeko modua.
Nafarroako bertsolari txapeldunak jarraituko du, bertsotan nahiz idatzietan, giza patuari buruzko hausnarketa sakon eta iradokitzaileetan.