2015/04/18 00:00

Euskaraz Bizi Eguna 2015

Euskaraz Bizi Eguna 2015
Otxandio, Nafarroa
Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko ekinaldia; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko egitasmoa dugu Euskaraz Bizi Eguna. Sei urtez bide egin ostean Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin genion EHEtik. Aurten seigarrenez antolatu dugun egitasmoak, Etxarri-Aranatzen hasi zuen ibilbidea, umiltasun handiz. Deialdiarekiko atxikimendu zabalak eta honen inguruan sortzen joan den mugimenduak bultzatuta, Euskaraz Bizi Eguna dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, Gernika-Lumon ospatutakoak frogatu bezala. Ondoren, Donostia bezalako hiriburu batera egin zuen salto ekitaldiak. Nafarroa Garaiko ekialdera gero, Agoitzeraino. Iaz, Gasteizera… eta, aurten, Otxandio izango da euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho, apirilaren 18an. Otxandio, herri euskalduna. Euskararen arnasgune txikia eta euskaldunon babesgune handia. Euskararen alde egoteaz gain, euskararen alde egiteko prest dagoen herria da otxandiarrena. Eta horregatik aukeratu dugu, beste gauza askoren artean, aurtengo Euskaraz Bizi Eguna hartzeko. Euskaraz bizitzea gure esku dago, baldin eta hiztun aktiboak bagara. Geldirik bagaude, isil-isilik, akabo. Mugitu nahi duenak, norabait iritsi nahi duenak, dagoen lekutik urrats bat harago joan beharra dauka. Egotea ez da nahikoa; egin egin behar dugu. Hemen mundu guztia dago euskararen alde, euskararen kontra frontalki daudenak barne, euskararen alde egotea ez da aski. Geldirik dagoena ez doa inora, ez da inora iristen. Bidea oinez egiten da, eta urratsik ematen ez duenak ez du biderik egiten. Mahatsik zapaldu gabe ardorik ez baitago, Urepeletik Bilbora Korrika joango gara. Egiten badugu lor dezakegu. Ez badugu egiten… ez dugu lortuko. Euskararen eta euskaldunon alde mugimendua indartzea beharrezko ikusten dugu. Izan, egin eta eragin! Hemendik, hortaz, euskaldun eta euskaltzale guztiei dei egiten diegu apirilaren 18an Otxandiora hurbildu eta euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!