Xabier Terreros izan da garaile Lesakako finalerdian. Irabazleak 344 puntu pilatu ditu, eta haren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Aimar Karrika (336), Ander Fuentes (327), Julen Zelaieta (319,5), Kotte Plaza (315) eta Amaia Elizagoien (286). Bertsozaleek Lesakako Harriondo kultur etxea mukuru bete dute. 270 lagun elkartu dira saioa entzuteko. Txapelketako urduritasunak bertsolari bati baino gehiagori kalte egin badio ere, oro har saioa larunbatekoa baino hobea izan da, eta puntu gehiago pilatu dituzte.
Larunbateko Berriozarko finalaurrekoan Julio Soto txapeldun ohia gailendu zen, 347,5 punturekin, eta tarte zabal samarrarekin. Haren atzetik geratu ziren Eneko Fernandez (324), Jon Barberena (310), Iñigo Olaetxea (299,5), Alazne Untxalo (299) eta Sarai Robles (280,5).
Datozen orduotan, bi saioen inguruko kronika zehatzagoak helaraziko dizkigute Bertsozaleen Elkarteko lagunek.
Datorren igandean, Burlatako hirugarren eta azken finalerdian, Aritz Saraguetak, Eneko Lazkozek, Miel Mari Elosegik, Oier Lakuntzak, Oskar Estangak eta Saioa Alkaizak kantatuko dute.