Julio Soto eta Xabier Terreros garaile, asteburuko finalerdietan

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 8a, 21:37
Julio Soto, Berriozarko saioan kantuan (Argazkia: Bertsozaleen Elkartea)

Biok final handirako txartela patrikaratu dute. Igandean, Burlatan jokatuko dute azken finalaurrekoa.

Xabier Terreros izan da garaile Lesakako finalerdian. Irabazleak 344 puntu pilatu ditu, eta haren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Aimar Karrika (336), Ander Fuentes (327), Julen Zelaieta (319,5), Kotte Plaza (315) eta Amaia Elizagoien (286). Bertsozaleek Lesakako Harriondo kultur etxea mukuru bete dute. 270 lagun elkartu dira saioa entzuteko. Txapelketako urduritasunak bertsolari bati baino gehiagori kalte egin badio ere, oro har saioa larunbatekoa baino hobea izan da, eta puntu gehiago pilatu dituzte.

Larunbateko Berriozarko finalaurrekoan Julio Soto txapeldun ohia gailendu zen, 347,5 punturekin, eta tarte zabal samarrarekin. Haren atzetik geratu ziren Eneko Fernandez (324), Jon Barberena (310), Iñigo Olaetxea (299,5), Alazne Untxalo (299) eta Sarai Robles (280,5).

Datozen orduotan, bi saioen inguruko kronika zehatzagoak helaraziko dizkigute Bertsozaleen Elkarteko lagunek.

Datorren igandean, Burlatako hirugarren eta azken finalerdian, Aritz Saraguetak, Eneko Lazkozek, Miel Mari Elosegik, Oier Lakuntzak, Oskar Estangak eta Saioa Alkaizak kantatuko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!