Berriako kazetari eta Euskalerria Irratiko kolaboratzaile Joxerra Senarrek Nafarroako Kutxaren hazkunde eta galeraren kronika idatzi du. Lanaren helburua, Nafarroako elite ekonomikoek eta politikoek CANen desagerketan duten erantzunkizuna estaltzeko darabilten isiltasun beloa altxatzea. Bi urte luze eman ditu datuak biltzen, kutxako enplegatuak elkarrizketatzen, estilo sakon baina arinean idazten. Jakinak zirenak ederki azaltzen ditu, hazkundearen zein hondamendiaren mugarri nagusiak nabarmenduz, hariak mugitu dituzten arduradun nagusien profilak eskainiz. Manu Robles Arangiz Fundazioaren eta Pamiela argitaletxearen eskutik karrikaratu duen liburua, bihartik aurrera izanen da salgai liburudendarik onenetan. Aurkezpena, bihar bertan eginen dute, Katakrak liburu dendan, 19:00etan.