Hauteskundeak 2015

Laura Perez: "Nafarroan oso argi dago 'kasta' zer eta nor den"

Euskalerria Irratia 2015ko ots. 16a, 13:26

Argazkia: Podemos

Nafarroako Podemos-Ahal Duguko idazkari nagusi moduan lehen elkarrizketa Euskalerria Irratiari eskaini dio

Nafarroako Podemos-Ahal Duguko idazkari nagusi izendatu ostean, Laura Perezek Euskalerria Irratiari eskaini dio lehen elkarrizketa. Aldaketa politikoaren aldeko mezua berretsi du adierazpenetan.

“Nafarroan oso argi dago kasta zer eta nor den. Botere ekonomiko eta politikoaren arteko erlazio hori beti eman da”, esan du Perezek, PSN kasta gisa sailka ote daitekeen galdetuta.

UPNren eta PPNren talde berean sartu ditu sozialista nafarrak. “Ez dakit momentu honetan PSNn nork jarrai dezakeen. Alderdi horri bozkatzen zioten oinarriak kontuan izan nahi ditugu, baina etor daitezela Podemosera”.

Juan Kruz Lakasta kazetariak presio mediatikoaz ere galdetu dio, primarioen emaitza jakin eta berehala ABC egunkari espainiarrak argitaratu baitu “Pablo Iglesiasen kontrako” korronteak irabazi duela Nafarroan eta Bildurekin paktatzearen aldekoa dela.

Zarata mediatiko hori urrun sentitzen duela dio Perezek. Eta beren erabakiak “gizarteak erabakitzen duena” entzun ondoren hartuko dituztela. “Ez dugu astirik izan Pablo Iglesiasekin hitz egiteko”, gaineratu du, baina ez du uste Espainiako Estatuko Podemosen idazkari nagusiarekin arazorik izango dutenik.

Podemos izenarekin aurkeztu ala beste marka bat erabili?

Joan Josep Bosch buru zuen hautagaitzak ez bezala, Perezenak datozen udal eta foru hauteskundeetan Podemos izenarekin aurkeztea lehenetsi du.

Gai korapilatsua da alderdi barruan. Badirudi Madrilgo Podemoseko kideak beldur direla Euskal Herrian hartzen diren erabakiek alderdiaren Estatu osoko estrategia kaltetuko ote duten –horregatik jarri da mahai gainean beste marka batekin aurkezteko aukera–.

Bide hori guztiz baztertu ez badu ere, Perezek Iruñerriko irrati euskaldunean zalantza agertu du: beste izen bat erabilita ere, Espainian gerta litekeen eztabaida eragotziko duenik ez du uste. Gaia mahai gainean jartzearen aldekoa da: “Ez dugu beldurrik izan behar hemengo egoerari buruz hitz egiteko”.

Erabakitzeko eskubidearen alde

Elkarrizketaren azken zatiak alderdiaren ustezko indefinizioa izan du ardatz. Podemos-Ahal Duguri erabakitzeko eskubidea bezalako gaietan iritzirik ez ematea leporatzen diotenei erantzun die Perezek: “Oso argi dago erabakitzeko eskubidearen alde gaudela, are gehiago, prozesu konstituziogile bat abiatzearen alde gaude”.

Hizkuntza eskubideen gaian ere antzeko hitzak erabili ditu, lehenago egin izan dituen adierazpenak berretsiz: “Nafarroa osoan euskaraz bizitzeko eskubidea defendatzen dugu, administrazioarekin euskaraz hitz egin ahal izatea… Pixkanaka neurriak hartu behar dira guztion eskubide hori bermatu ahal izateko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!