Maiatzean sartzearekin batera sexu-genero disidenteon eskubideen alde borrokan ari garenok data esanguratsua dugu buruan: maiatzaren 17a.
Data horren karietara, Nafarroako Ekainak 28 Plataformak hainbat mintzaldi eta ekitaldi antolatu ditu egun horrek duen garrantzia gogoratzeko. Ez da egun soila, LGTBIfobiaren aurkako borrokak egunerokoa behar luke izan, baina egun horretan berebiziko garrantzia hartzen du, beste hainbat konturekin gertatu bezala.
"Ikusi ez arren, LGTBI+fobia hor dago. Ekin!" Halaxe dio Nafar Gobernuak aurkeztu berri duen kanpainak.
Ikusi ez arren, LGTBI+fobia hor dago. Bai, halaxe da: eguneroko kontua da sexu-genero disidenteok pairatzen ditugun bazterkeriak, irainak, mehatxuak, gutxiespenak eta izuak. Jende askok ez ditu ikusten, edo ez ikusiarena egiten du. Ezkontzeko eskubidea erdietsirik, erabateko berdintasuna dagoela uste du askotxok. Baina, zer gehiago nahi duzue? Zoritxarrez, ohiko galdera. Erantzuna sinplea da: benetako berdintasuna. Garen bezalakoak izateko eskubidea, gure genero-adierazpena edozein delarik ere. Gure genero-hautua edozein delarik ere. Aske.
Atzo bertan ere, Sanduzelain izandako eraso homofobo baten berri izan genuen. Eraso lazgarria, arbuiagarria. Joan den ostiralean, kalean ligatzen ari zen gizon bati bi gizonek eraso egin zioten homosexuala izateagatik. Delitu bakarra ikusgaitasuna, toki publiko batean ligatzen egoteagatik. Erasotzaileen maskulinitate toxikoaren adierazpen nazkagarria. Atxilotuak dira. Orain kontua da zer egin honelako aleekin, nola erreparatu egindako mina.
EKIN!. Bai, ekin behar diogu ikusgaitasunari. Baztertzen gaituztenei, erasotzaileei ez diegu utziko gu izutzen, ikusezin bihurtzen.
Denok dugu zeri ekin askatasun afektibo-sexualaren alde.
Ezin gara geldirik egon erasoen arrean.