Elkar zaintzeko tenorea

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Yecora 2024ko urt. 10a, 15:07

Zenbakia aldatu diogu urteari, baina abenduan ginen egoera bertsuan gaudela ematen du:

 

Giro politikoa inoiz baino mikatzago. Gainera, orain, euren egia gezurren gainean eraikitzeko ohitura dago eskuineko alderdien artean. Gezurra eta iraina. A, zer parea! Tandem ederra eratu da eskuina eta ultraeskuinaren artean. Muga fina, euren diskurtsoa bezain lausoa. Egun, zenbait adierazpen aditu eta nekez asmatzen duzu eskuineko zein alderditako ordezkarik esan dituen. Bloke atzerakoia norgehiagoka, nork esango duen astakeriarik handiena lehian. 

 

Mesfidantza. Lehen eta orain. Tratu txarrak edo bortizkeria sexualak direla eta, emakumeek egiten dituzten salaketen aurrean, hainbat pertsona mesfidati. Genero autodeterminazioa dela eta, hainbat pertsona mesfidati. Orain, nork bere buruari hiru eguneko baja emateko ahalmena aipatu den honetan, hainbat eta hainbat mesfidati. Horrelako gizarte batean bizi gara, hemen mesfidantza da nagusi. Zergatik ote? 

 

Osasun arloan, musukoaren itzulera ikusi dugu. Beldurrezko film baten titulua ematen du, baina gure artean da berriro ere. Atzo, Ospitale aldean ibili nintzen. Adineko gehienek musukoa jantzita. Arduragatik, besteen osasuna zaintzeagatik. 

 

Nik debekuak ez ditut sobera gustuko, baina ulertu, ulertzen dut debekuaren arrazoia.  

 

Hiritartasun kontzientzia sendoa falta dugulakoan nago. Elkar zaintzen duen hiritarrak hezi eta baloratu behar ditugu. Hortik, agian, politika egiteko bertzelako moldeak agertuko dira, mesfidantzak uxatzeko ohitura; elkar zaintzeko tenorea. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!