Komunikabideetan behin eta berriro aditu dugunez, Alderdi Sozialistak eta EH Bilduk erdietsitako hitzarmenaren ondorioz, Joseba Asiron berriro alkate izendatuko dute. Bikain. Zorionak.
Pamplona saldu dutela diote kontra daudenek. Mayak pentsatu izanen du berriro jende normala kanporatuko dutela. Instituzioak eurenak direla pentsatzen dute eta haiek ez badira, gainontzekoak okupak gara. Miserableak.
Zalaparta espero nuen, baina ez horren tamainakoa. Beste behin ere garbi geratu da Nafarroa estatu-kontua dela eta eskuinak ez dakiela galtzen.
Bada arrazoirik Ibarrola oposiziora bidaltzeko, bai. Hala ere, pedagogia falta sumatu dut azalpen mementuan:
Ez nau erabat konbentzitu hitzarmena aurkezteko manerak. Iruñeak bestelako alkatea behar du, orain eta maiatzeko hauteskundeak egin eta gero. Une horretan ez bazen posible izan, orain aukera paregabea zuten Asiron sostengatuko duten lau alderdiek ongi arrazoitzeko aldaketa. Arrazoi guztiak, eta ez soilik Iruñea paralizatua dagoela. Pobrea azalpena. Denak elkarrekin publikoaren aurrean. Nik hobeki ulertuko nuen.
Ez dute saldu, ez. Guk bestelako politika eredua irabazi dugu. Iruñeak irabaziko duelako uste osoa dut.
Zorte on opa diet alkatetza sostengatuko duten lau alderdiei , testuingurua ez baita batere erraza izanen.