Kezkaturik nago, bai. Eskuina eta muturreko eskuina asaldaturik daude amnistia legea aurkeztu eta onetsiko delakoz. Oso bortitzak iruditzen zaizkit azken egunotan ikusten ari garen irudiak.
Bertze garai bateko oriotzapenak etorri zaizkit burura: Kristo Rey-ko gerrillariak jendea kateez jotzera ateratzen zirenekoak. 1970eko hamarkadan jardun zuen erakunde ultraeskuindar honek, nonbait parapoliziala, indarkeria ugari, tartean zenbait hilketa egin zituen.
Oldarraldirako mezuak, matxinatzeko oihuak, jendarte zibila eta militarrak deituta amnistiaren kontra ahal duten guztia egitera. Gobernuari zilegitasun osoa kendu nahian dabiltza.
Ez dakit gure Iruñerri honetan zenbat jarraitzaile dituen mugimendu honek. Ez dakit egunkarietan ikusi ditudan gaztetxo horiek unibertsitate pribatuko ikasleak ote diren edo bertakoak. Baina izua sortu didate.
Ez dakit zein puntutaraino dauden oihuetatik ekintza bortitzetara salto egiteko prest. Ikusiko dugu zer gertatzen den heldu den egunetan eta asteetan.
Baina badakit gauza bat: prest izan behar dugu geure buruaren defentsarako.