Sabairik gabeko kartzela

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Yecora 2023ko urr. 11a, 15:02

Sabairik gabeko kartzela da Gaza. Bertan milaka eta milaka pertsona
bizi dira. Horietako askok ez dute besterik ikusi, ez baitira bertatik
ateratzen ahal.  Egoera itogarrian, lazgarrian bizitzera kondenatzen
ditu Israelek.

Inork irudikatzen al du Baztanen tamainako lurralde batean bi milioi
pertsona bizitzea?   Bertan izan nintzen Komite Internazionalistak
antolaturiko brigada batean, eta esperientzia, bizipenak, zizelkaturik
ditut bihotzean.

Israelgo gobernuek sistematikoki Palestinako biztanleen eskubideak
zapaldu dituzte, euren lurrak suntsitzen dituzte, euren osasun fisiko
zein mentala urratu dituzte. Gazan ez ezik, okupatutako Zisjordaniako
lurraldean bizi diren palestinarrei oinarrizko eskubideak ukatzen
zaizkie, duintasunez bizitzeko eskubideak.

Orain, jende andana asaldaturik agertzen da Palestinako Hamas taldea
egiten ari den hilketengatik. Zer nahi dute?  Ez ditut zurituko. Ez
dut uste pertsona zibilak modu horretan hiltzea irtenbidea denik.
Ondorioa bai, baina ez irtenbidea.

Baina, orduan, zein da irtenbidea?

Palestinako herriak denbora luzea darama euren estatua izan nahian,
aske bizi nahian,  bakean.  Bakea gerrarik eza baino gehiago da. Bakea
benetakoa izango bada, errespetuan oinarritu beharko duelakoan nago:
euren lurraldeak , euren hizkuntza, euren tradizioak, euren eskubide
guztiak errespetaturik.

Makurrena da irtenbide hau ez dela erraza egungo testuinguru politikoan.

Bihoa nire elkartasun osoa Palestinari eta, bereziki, palestinarrei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!