Hauteskundeak Administrazioan

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Yecora 2019ko mai. 14a, 14:32

Bihar zortzi, maiatzak 22, bestelako hauteskunde garrantzitsuak izanen dira Nafarroan. Administrazioan lan egiten dugunok gure ordezkari sindikalak hautatzera deituta gaude.
Ez da makala horren garrantzia. Administrazio publikoa da langile gehien biltzen duen enpresa. Gobernuak berak hainbat lege haren langileen ordezkariekin negoziatu behar izaten ditu, eta molde bateko edo besteko indar sindikala izateak garrantzi handia du.
Zoritxarrez, abstentzioa handia izaten da. Hezkuntza Publikoan, esaterako, 2015eko hauteskunde sindikaletan abstentzioa %52koa izan zen. Eta eremu honetan berebiziko garrantzia du, hautatuko ditugun ordezkari sindikal horiek datozen lau urteetarako sinatutako Hezkuntzaren hobekuntzarako itunaren jarraipena egin behar baitute.
Hemen ez dago debate publikorik. Beraz, aukerarik ez bakoitzaren helburuak alderatzeko. Sindikatuak euren programak ikastetxeetara eramaten ari dira, eta ezer gutxi gehiago.
Nik faltan sentitzen dut Administrazioaren ahalegina jendea bozkatzera joan dadin. Beraz, hemendik eginen dut deia: datorren asteko asteazkenean, gure botoa funtsezkoa da. Eman dezagun.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!