Kaleen izendegiari erreparatzen dion horietakoa naiz. Uste baino garrantzi handiagoa duela uste dut.
Egunen batean Iruñeko zenbait kaleri izena aldatuko ziotelako amets egin izan dut behin baino gehiagotan, eta egia bihurtu berri da amets horietako bat.
Iruñeko Udalak, nonbait, ez du erabaki hori hartu armadari kale-izena izateko ohorea kentzearren. Emakumeen ikusgaitasuna du helburu eta kale-izendegia bera orekatu genero aldetik.
Alde batetik pena da hemendik aurrera ez ikustea Armada Etorbidearen bukaera dagoela Intsumisio Plazan. Pentsa daiteke intsumisioak armadarekin bukatu duela.
Niri, egia esanda, poztasun handia sortu dit erabakiak.
Kale-izendegia berrikustearen aldekoa naiz eta, bidenabar, laikotu. Eta horretan ere aukera dugu emakumeen presentzia aregotzeko.
Orain monarkiaren kontrakoak direnen ahotsa ere adituko dugu. Nor eta erregina bat aukeratu behar. Ikusiko dugu zenbat jende hasetzen duen erabakiak.
Agur Armada Etorbideari. Ongi etorri Katalina I.a Nafarroakoari.