Nekazaritza eta Elikaduraren Nazio Batuen Erakundeak (FAO) urtero urriaren 16an Elikaduraren Nazioarteko Eguna ospatzen du. Aurtengo gaia “GURE EKINTZAK GURE ETORKIZUNA DIRA”.
Gaur egun ikastetxeetara, kasu gehienetan, enpresa batek eramaten du bazkaria termo erraldoietan. Eta inguru horretan ikusi nahi nuke nik benetako eraldaketa, hau da, haur-eskoletako eta eskoletako jantoki ereduaren eraldaketa: utzi alde batean termoak eta ezarri eskoletan sukaldea.
Testuinguru horretan, GURE PLATERA, GURE AUKERA edo ZER JAN, HALAKO BAZTAN bezalako ekimenak guztiz pozgarriak dira, eskoletan ezarri dutelako euren xedea.
Zer jaten duten ezagutu ez ezik, elikagaiak nondik datozen eta nork prestatzen dituen ere ezagutu behar lukete haur eta gazteek. Eta horren garrantzia, jakina!
Beraz, inguruan ekoiztu, bertan sukaldatu eta bertan jan.
Jantokialdia ere momentu hezigarra delakoz, eta etorkizuna eskoletan dagoelako.