Gai hori

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Yecora 2018ko eka. 11a, 11:57

Martxan dago IPESek antolatutako Zinemaren eta Emakumeen 32. Erakusketa internazionala.
Gutxitan sortu da aurten bezalako harrabotsa programatuta zegoen Carmen eta Lola filmaren inguruan. Horren ondorioz, erretiratu egin dute eta momentuz ez dugu ikusiko.
Ijito feminista talde batek honakoa esan du Carmen eta Lola izeneko filmaz: hainbat gauzaz hitz egin daiteke, eta gai hori jorratu behar da?
Gai hori, bi neska gazte ijitoen arteko maitasun harremana da.
Gai hori lesbianismoa da, eta agerian geratu da min ematen segitzen duela gure gizartean.
Gai hori azaleratu ezean, isiltasunean, ezkutuan … eramatearen ondorioak lazgarriak dira.
Gai hori ezkutatzea lesbofobia da.

Badakit tentuz ibili behar dela estigmatizazioa ez zabaltzearren. Talde ijito feminista horren arabera topikoez eta estereotipoez beteriko pelikula da. Agian honela da, baina harrigarriena da honelako adierazpen hauek egin dituztela pelikula ikusi gabe.
Carmen eta Lola iragarri zutenean ikusteko gogoa piztu zitzaidan. Orain gogo bizia dut eta “gai hori” jorratzeak ekarri duen kalapitak ikusle gehiago erakarriko du aretoetara. Ederki.
Ekainaren 28aren atarian, hau da, LGTBI harrotasunaren nazioarteko egunaren atarian gauden honetan agerian geratu da bide luzea dugula benetako berdintasuna lortzeko. Hamaika errealitate azaleratzeko beharra dago oraindik eta horietako bat pertsona LGTBI ijitoena da.
Espero dut Arancha Echevarriaren pelikula honetan agertzen den gai hori lagungarria izatea ikusgaitasuna bultzatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!