Elakartasun uholdea

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Yecora 2018ko api. 16a, 14:31

Nafarroan editatzen diren bi egunkarietako atzoko azalak alderatzea bitxia zen: bietan uholdeak hizpide nagusi, baina uholde ezberdinez ari ziren.
Batak goitik datorren euriaren eta gizakiok lurretan eragiten ditugun eraldaketen ondorioz izandako uholdeak hizpide. Mota bateko irakurleen gosea ase nahian. Edo mota bateko irakurleak sortu nahian.
Besteak, berriz, herritik sortutako elkartasun uholdeak utzitako argazki ikusgarria.
Larunbateko manifestazioan parte hartu genuenon arteko harridura-poza itzela zen. Erantzuna handia izanen zela espero genuen, baina tamaina horretakoa ikustea berri pozgarria.
Asko dira Iruñean izaten diren manifestazioak, baina gutxi dira honelako erantzuna izaten dutenak. Merezi zuen. Merezi baino gehiago: beharrezkoa zen kaleetan gure oihua entzutea, beharrekoa zen elkartasuna adieraztea, beharrezkoa zen errepresioaren aurrean tinko agertzea.
Gaur, batzuk zeruari begira izanen dira, edo zeruari zuzentzen zaion atzamarrari begira, auskalo, noiz atertuko zain.
Besteok Madrilera begira izanen gara handik eta hemendik ailegatzen ari diren elkartasun uholdeak justizia izaten laguntzen ote duen.
Horixe delako gure uholdearen azken xedea: justizia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!