Gizonon papera martxoaren 8an

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Yecora 2018ko mar. 5a, 13:43

Luze mintzatu da aurtengo martxoaren 8an gizon zein emakumeek jokatu beharreko paperaz.
Hasieran, inguruko emakume feministei gure paperaz galdetu izan nien. Batek galdera baten bidez erantzun zidan: honetan ere esan behar al dizuegu zer egin? Emakumeak dira soilik deituta lanuztea egitera.
Nonbait, ez nintzen izan hori galdetu zuen bakarra, eta hainbat mezutan ikusi zuen zer espero duen mugimendu feministak guregandik; beraz, kontuan hartu eta osteguneko jokamoldea pentsatu dut.
Gaur bertan gure laneko zuzendariari neure burua eskaini diot gutxieneko zerbitzuak egiteko, honela jendeari arreta egiteaz eta telefonoa hartzeaz arduratzen diren lankideek, lanuztea egin nahi izanez gero, lasai asko izango dute biek egitea.
Gure etxean ez dago emakumerik, beraz, nire kasuan ez dut bestelako lanik nire gain hartu behar izanen.
Egun osoan zehar, kontsumo greba dago deitua. Ostegunean ez dut zer erosiko eta ez dut kaferik hartuko goiz erdian, eta horretarako dudan ordu erdia profitatuko dut, ahal izanez gero, Sarasate pasealekuan eguerdian antolatua dagoen ekitaldi politikora joateko. A! eta atzeko aldean kokatuko naiz. Nire ez baita protagonismoa.
Egia esanda, ez ligukete esan beharko zer egin. Guk geuk garbi izan behar dugu protagonismo osoa emakumeei dagokiela eta grebaren helburuetako bat dela emakumeek egiten duten lana ikustaraztea, eta dagokion balio ematea.
Gauzak honela, neuk ere bat eginen dut Martxoaren 8ko helburuarekin, baina dagokidan papera betez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!