Pasa den urtean Iruñean izandako eraso sexista lazgarriaren gainean luze mintzatu ginen hurrengo egun, aste eta hilabeteetan.
Era berean, inoiz azaleratu behar ez zen hainbat informazio ere irakurri genuen egunkarietan. Gehiegizko zehaztasunak, morboa baino elikatzen ez zutenak.
Erronka dugu aurrean, eta neurri handi batean komunikabideen esku geratuko da nola heldu informazioari. Irakurleok ere badugu zer esanik, baina era berean geure buruari gogoratu behar diogu hainbat informazio ezagutzea lekuz kanpo dagoela, eta jaten ematen badigute ere, ezetz esaten ere jakin behar dugula.
Kazetarien, komunikabideen eta entzuleen etika eta jokamoldea ikusgai izanen ditugu datozen egun eta asteetan.
Nik ahalegina eginen dut erasotua izan zen neskarekiko enpatia eta elkartasuna soil-soilik izateko buruan. Epaileei egokituko zaie erasotzaileek merezi duten zigorra zehaztea. Horren irakurketa ere eginen dugu, seguru, eta bihotzak zer eskatzen duen ere azaleratuko da.
Urteko epaiketa dugu aurrean, mediatikoa, konplexua. Ez dezagun handitu biktimaren mina.