Ekainean mundu mailan data esanguratsua aipatuko badugu, ekainaren 28a da. Hilabetean zehar asko dira han eta hemen sexu eta genero askapenaren alde antolatzen diren ekitaldiak.
Nafarroan aurtengoak garrantzia handia hartu du Parlamentuak onetsi berri duen Berdintasun Sozialerako Foru Legeari esker. LGTBI+ pertsonak babestea du helburu: Lesbianak, gai, transgenero, transexual, bisexual eta intersexualez gain, plus (+) ikurra agertzen da. Horrekin sartu nahi izan dira Cisheteroarautik kanpo dauden bestelako genero identitateak, genero adierazpenak, orientazioak eta praktika sexualak.
Uste osoa dut jendarte osoa dela lege honen onuraduna.
Matxismoa gure etsai nagusia da. Heteropatriarkatua matxismoaz baliatzen da gure bizitza zentzu bakar batean bideratzeko eta aski esateko ordua da.
Matxismoaren bortizkeriari aurre egiteko LGTBI+ek H-aren beharra du, gizon eta emakume heterosexualen esku-hartzea eta konpromisoaren beharra du.
Denok pairatzen ditugu matxismoaren ondorioak, eta denoi dagokigu gainditzea horren ezaugarriak: oraindik segitzen dugu eraikitzen gure sozializazioa sexismoaren ikusmoldearen arabera, eta honek generoaren eraikuntzan ondorio zuzena du. Era berean, nerabezaroan maitasun erromantikoan sortzen dugu eraikuntza soziala eta, azkenik, maskulinitate eredu berriak bultzatzen hasi baino ez dugu egin.
Benetako berdintasuna erdiesteko asmo handiko legea dugu Nafarroan. Hori egia bihurtzea denon ardura da: LGTBI+ eta Hren ardura.