Maiatzaren 17an, mundu mailan, LGTBIfobiaren aurkako ekimenak antolatzen dira. Gaitzezpen eguna ez ezik, aldarrikapen eguna ere bada.
Orain urte bete askatasun begiradak aldarrikatzen nituen gure gizartean hau bezalako iruzkin batean, eta aitortu behar dut azken hilabeteotan inoiz baino ortzadar gehiago ikusi dudala jendearen begietan. Inoiz baino betaurreko berdinzale gehiago.
Gay borroka izatetik LGTBI borroka izatera pasatu gara, eta erabat ikusezinak ziren kolektiboek berebiziko protagonismoa hartu dute. Chrysallisek bete-betean asmatu zuen hiriburuetako kanpainarekin, baina erantzun bortitza ekarri zuen. Eredugarria izan zen Nafarroan autobus transfoboak sortu zuen erantzuna. Eredugarria bezain beharrezkoa.
Aurten LGTBI zerbitzua dugu: KATTALINGUNE. Nafarroan honelako zerbitzua dugun lehenengo aldia. Iruñeko Udalak ere arreta zerbitzua martxan jarriko du aurki.
Eta orain, administrazio mailan, Nafarroako Berdintasun Institutuak LGTBI arloko Berdintasunerako Bulegoa sortu berri du. Gobernu akordioan jasota zegoen, Parlamentuak ahoz batez eskatu zuen, eta LGTBI mugimenduaren aspaldiko aldarrikapena zen: instituzioen parte-hartze aktiboa benetako berdintasunaren alde. Une historikoa Nafarroan.
LGTBIfobia gainditu dugu? Ez horixe. Zoritxarrez bazterkeria, erasoak, hilketak… eguneroko kontuak dira han eta hemen; baina ez dugu etsiko.
Gaur 19:30etan Iruñeko Mercaderes enparantzan elkarretaratzea deituta dago, gure kontrako erasoak gaitzesteko, gure eskubideen alde oihukatzeko.
Ari gara.