Aste honetako astelehenean Europako Justiziak garrantzi handiko epaia eman du aditzera: Estatu Espainolean langile finko eta behin behinekoei kaleratze momentuan ematen zaien trataerak berdintasuna urratzen du. Behin behinekoen kalte ordainak dezente txikiagoak dira.
Epai honi esker lan erreformaren eta araudien egokitzapena egin beharko dute bai ala bai. Bitartean, langileok epaitegietara jotzen segitu behar dugu. Ezin dugu onartu lehenengo eta bigarren mailako langileak izatea, eta are gutxiago administrazioan.
Testuinguru honetatik ez dago Nafarroa kanpo. Epai hau ailegatu da Nafarroako Gobernua zenbait sindikaturekin behin behineko langileen kontratazioa arautzen duen Foru Agindu berria lantzen ari den momentuan. Negoziazio honetatik kanpo utzi ditu Mahai orokorrean ez dauden sindikatuak, eta kanpo utzi dituen sindikatuok ordezkaritza handia dute euren esparruetan.
Beste behin ere “aldaketaren gobernua” UPN eta PSNeko gobernuek egiten zuen jokabidea errepikatzen ari da, eta benetan kezkagarria da jokabide hau Beaumont Kontseilariak bestela jokatzeko konpromisoa hartu baitzuen Administrazioaren sindikatu guztiekin egindako bilera batean.
Negoziazio kolektiboa aldarrikatzen dute sindikatuek. Eta gobernuek maila goreneko politika egin behar lukete lan baldintza egokiak ziurtatzeko. Zoritxarrez, ez dut ikusi Nafar Gobernu berriaren gaitasunik behar bezalako negoziazioari ekiteko. Hezkuntzan penagarria izan zen interinoen araudia aldatzeko egindako itxurakeria. Orain Barne Kontseilaria bide beretik doa.