Ukaezina da azken mendean, eta bereziki azken hamarkadetan, aurrerapauso handiak eman ditugula genero berdintasunari dagokionez. Hori dela eta, gaur egungo gazteen artean, beraien familietan edo irakasleen artean inkesta bat eginez gero, ziur dakigu zein litzatekeen erantzuna. Alegia, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna dagoeneko lortu dela.
Baina berdintasunaren ilusio faltsu hau arriskutsua da, jendartea inmobilizatzeaz gain, errealitatea zuzena dela sinestarazten baitie belaunaldi berriei. Berdintasunaren egoeratik abiatzen garela pentsarazten die.
Beraz, badugu lan handia eremu guztietan benetako berdintasuna egia bihur dadin. Hezkuntzak erronka handia du lorpen honetan. Familia, irakasle eta bestelako hezitzaileok bat eginik erdietsiko dugu helburua.
Baina zoritxarrez, benetan hezkidetzailea den jendarte-eredua lortzeko bide luzea dugula aitortu behar dugu. Genero berdintasunean heztea denon jokamoldea ez den artean, nekez mintzatuko gara benetako berdintasunaz.
Gaur Martxoaren 8a da, Emakumeen Eguna, eta gaur ere ustezko berdintasunari aurre egingo diogu.
Beste behin ere, iluntzean, borroka honek munduko hiri eta herri askotako kaleak jendez beteko ditu.