Gaur, abenduak 15, Vascuencearen legea onetsi zen 29. urteurren
egunean Hezkuntzako sindikatu guztiek bilera egin dute, besteak beste,
hizkuntzen irakaskuntzaz hitz egiteko. Aldez aurretik, bost sindikatu elkartu
eta eleaniztasunaren aldeko idatzia eraman dute. Honela, bost sindikatu hauek
bat egin nahi dute PAIrekin. Euskal sindikatuak asmo horretatik kanpo utzi
dituzte.
Nik neronek proposamena hankamotza dela ohartarazi diet, eta gure
herrian benetako eleaniztasunaz hitz egingo badugu, bertako hizkuntzen
ezagutzatik abiatu behar dela azpimarratu. Alferrik. Euren buruan
eleaniztasuna eta PAI gauza bera dira.
2016an urteurren borobila izanen da: 30 urte beteko dira guztien artean
baztertzaileena den legea Nafarroako Parlamentuan onetsi zutenik, eta azken
hilabeteotan bestelako egoera sumatzen badugu ere, oraindik bigarren mailako
biztanleak gara. Urte betea dauka gobernu berriak oinarri sendoak jartzeko eta
data horretan bestelako egoera aurkezteko. Ikusmina handia da.