Irudipena dut simulazio batean bizi garela

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2026ko martxoaren 3a

Batzuetan irudipena dut simulazio batean bizi garela. Gerrak eta gatazkak betidanik izan dira, gizakia sortu zenetik. Azken mendeetan hartu duten tamaina, ordea, beldurgarria da. Milaka hildakoz hitz egiten da komunikabideetan, eta hori normala bihurtu da. Babesgabe ikusten ari gara sarraskiak, Estatu Batuak nahi duena nahi duen lekuan egiten.

Inguruan ikusten ari gara diskurtso erreakzionarioek duten boterea. Inguratzen dituen errealitatearekin haserre dauden gazteengana erraz iristen dira errua besteena dela dioten diskurtsoak, alor guztietan. Zailagoa da gu baino okerrago daudenak ikusmiran dituen mugimenduei erreparatzea, eskubideak egun batetik bestera lortzen ez diren ideiekin bat egitea, luzerako proiektuak planteatzen dituen ezkerreko mugimenduetara batzea. 

Gorrotoa bolo-bolo dabil gizartean. Munduan sarraskiak gauzatzen ari direnak eta horiek defendatzen dituztenak biztanleek eraman dituzte boterera. Eta horrek beldurtzen nau. Halako jendartean bizi gara. Eta modu neurekoiagoan, beldur naiz noizbait gerra honaino iritsiko ote den.

Gorrotoraino iristeko prozesu bat jarraitu behar dela uste dut, txikitatik hasten dena, hezten gaituzten balioekin, ahaztu gabe gizarteratzen gaituztenen artean, gaur egun, garrantzia handia dutela pantailek, eta, zehazki, sare sozialek, eta horretan informazioaren egiazkotasuna frogatzea zaila dela, eta ez dugula egiten. Beraz, kontsumitzen ditugun diskurtsoen aurrean, batez ere, kritiko izatera eta kontrastatzera deituko nituzte gazteak, gorrotora eraman gaitzakeen hazia erein baino lehen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!