Nagiari natura

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2025ko ots. 25a, 19:03

Pasatu aste bat jo eta ke lanean, goiz eta arratsalde. Joan bankura hau eta beste egitera. Bukatu zuzenketak egiten gaueko hamarretan. Egin uko, noski, errutinan ezarria duzun kirol tarteari, entzun baituzu on egiten duela horrek, ez fisikoki bakarrik osasuntsu egoteko, mentalki ere bai. Horren ordez, aste osoko lan martxak energiarik gabe uzten zaitu, eta errudun sentitzen zara sedentarioegi egon zarelako. "Ez da denbora kontua, antolaketa arazoa baizik". Tankerako esaldiak iristen zaizkizu sareetan bolo-bolo dabiltzan couch edo halakoengandik. Dikotomia batean zaude: gutxiago lan egiteak ez zaitu langile okerragoa egiten, baina, hala eta guztiz ere, ez duzu dinamika toxiko hori gelditzen. "Toxiko". Zein hitz erabilia azken hamarkadan. Toxikoak ez dakit besteak edo kanpoko gauzak diren, hala geure buruarekin dugun portaera bera den. Noski, alde batera utzi ditut hausnarketa honetan inguratzen gaituzten beste faktoreak: etika eta moralik ez duten nagusiak edo hilabete amaierara heltzeko zailtasunak izatea.

Aurrekoari helduz, aste osoa pasa duzu ezinean, baina iritsi zara hain desio zenuen ostiral arratsaldera. Nagiak erraz harrapa zaitzake, eta ez zaude horren aurka; askotan uzten diozu zeure gorputzari ezer egin gabe atseden hartzen. Gehiagotan, ordea, erabakitzen duzu neke horri aurre egitea eta pentsatu gabe inguruak eskaintzen dizkizun eta ia dohainik egin daitezkeen jardueretara dedikatzea, goiz-goiz jaiki behar izanagatik ere. Eta hor, naturaren erdian, txuriz jantzitako mendiak inguruan, une horrek baino inporta ez duen egoera horretan, ahaztu zaizkizu arrastaka eraman dituzun buruhausteak, eta konturatzen zara aste osoaren nekeak ere ez dizula instant horretako zoriontasuna apalduko. Eta honekin guztiarekin ez dut lehen aipatu Couch toxiko horietako baten ahokurik luzatu nahi, naturak eskaintzen diguna aprobetxatzeko aukera nabarmendu baizik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!