Berriki gomendatu zidaten ETB 2n ematen ari diren dokumental sorta bat. Gaztelaniaz, tamalez. Klik belaunaldia du izena.
Aldaketa gizarteari atxikitutako fenomenoa da. Norbanakook nostalgia sentituagatik, ez du erran nahi aldaketak hoberako ez direnik Etengabeko bilakaera horretan, onurarako zein kalterako izanen diren errealitate berriak sortuko dira. Dena den, gaur egungo testuinguruari erreparatzen badiogu, zailki utziko dugu etorkizunarekiko ezkortasuna alde batera.
Dokumental sorta horrek aldaketen inguruan hitz egiten du, azken hamarkadetan sortu diren tendentzia edo jokaera berriei buruz. Saio horiek gomendatu zizkidan haren ustetan, mundua pantaila berri batera pasatzekotan da; ezagutzen dugun errealitatea beste dinamika eta botere esfera batzuek kontrolatuko dute. Pokemon horitik, pokemon urrera pasatzea bezala irudikatzen dut nik, baina onerako izanen den jakin gabe.
Dokumental horiek munduko pantaila aldaketa honen baldintzatzaileak jartzen ditu agerian, hala nola, sare sozialak eta aldaketa estetikoak, belaunaldi gazteak, eta ez hain gazteak ere, bere atzaparretan harrapatzen ari direnak. Pentsatzekoa ematen dute saiook, eta batez ere pantaila berri horretan jokatu nahi dugun papera zein izango den hausnartzera garamatzate.