Kirola ona da, osasuntsua, ez dago kirol txarrik, salbuespenak salbuespen. Ez naiz, orokorrean, kirolen egunerokoa jarraitzen duenetakoa. Futbola ere ez, nahiz eta inguruak horretara bultzatzen zaituen, ez dakizkit apenas hiruzpalau jokalariren izen abizenak, futbolarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, halere. Ez futbola gorroto dudalako, partida bat ikustera banoa, zalerik handiena naiz, bete betean sartzen naiz jokoan, baizik eta nagia sorrarazten didalako horren inguruan sortzen den guztiak.
Sevillak jokatu zuenean, arratsaldeko zazpiak inguruan, gaztelu plazan bilduak ziren dozenaka jarraitzaile. Gizonak besterik ez nituen ikusi, kantuan baino, oihuka, lolololo lau haizetara zabaltzen ahots korda grabeekin. Atzo, Atletico Madrileko jarraitzaileak zebiltzan Iruñean goizetik, banderak soinean, kalearen punta batetik bestera elkarri deika eta oihuka.
Nolako lasaitasunaz eta eskubidez hartzen dituzten kaleak futbolaren izenean, eta okupatzen duten espazio publikoa ezbaian jarri gabe behin ere ez horren zilegitasuna.
Bidatz villanueva