Haurrak, mundialak

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2022ko aza. 21a, 18:55

Aurrekoan Iruñera igotzean, baloiarekin jolasean zeuden haur batzuen artean iragan nintzen. Jokoa eten nien eta barkamena eskatzea atera zitzaidan. Justu aldi berean mutiko horietako bat erori zen. Besteak hura laguntzera zioazela, beste batek ni begiratu eta lasai egoteko erran zidan, ez zela nire errua, bere laguna nahigabe eroria zela. Hunkitu ninduen pixka bat ni kontsolatzeko-edo saiakera hark. Agur egin nien, keinu txiki horrekin, gizartearekiko itxaropen handiagoz. 

Datozen belaunaldien noraezaren mezu andana jasotzen ditugu. Indarkeria eta bulling kasu lazgarriak zabaltzen dira, lehengo balio atzerakoietara itzultzen ari diren umeena, eta hainbeste ezkortasunaren artean, badira etorkizuna ere argitzen dutenak. Nire buruarekin harritu nintzen hain testuinguru ezkorra irudikatzeagatik. Baina egia dena da, ikusentzule bezala nabilen askotan, haurren ontasuna eta laguntasunaren lekuko izaten naizela. Duela gutxi, nexka batek beste bat animatzen zuen: hori bere itxurarekin kontent ez zegoela aipatzean, zeinen polita zegoen oroitarazten zion. Tristura ematen du hain txikiak izanik kezka horiek izateak, baina garrantzia laguntasun horretan jarri nahi dut orain.

Hori guztia, besterik gabe, errateko haurrak mundialak direla, eta eurei meriturik kendu gabe, gazte edota helduok ardura handia dugula merezi dituzten balioen eredu izaten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!