Dolua

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2022ko aza. 8a, 18:58

Iragan ostiralean, Mendian hil hirian hil dokumentala ikusteko plazera izan nuen Obanosen egin zen emanaldian, 2020ko Mendi Film Festibalean euskarazko film onenaren saria jaso zuena. 

Dolua du aztergai, mendian hil diren senide eta ezagunen lekukotzekin. Egunero heriotzari aurre egin behar dioten profesionalen hitzak ere mahaigaineratzen ditu lanak. Eskuzabalak protagonistak, hain modu sakonean eta euren beldur eta nahiak hain argi adieraztegatik, ikusleari bizitzaren hausnarketa horiek eskaintzeagatik. 

Zuzendariak zioen mendiak esanahi handia duela euskaldunontzat. Epika aipatu zuen.  Beharbada horregatik suertatzen da hain hunkigarria dokumentala. Mendi-puska handiak, mendizaleen erronka, norbanakoak naturaren desafioak gainditzera, gailurra egitearen poza, kideen artean sortzen del elkartasuna eta giro osasuntsua. Osagai asko dira mendia epiko egiten dutenak.

Baina mendian hiltzea tragedia latza da. Dokumentalean erraten den bezala, mendizaleak mendira doaz bizitzaren bila. Gerta daitekeela asumitu arren, inork ez du heriotza espero. Eta dolua, ondoren, senideena eta ingurukoena. Pentsatzen dut, Peña zuzendariaren mediku ofizioak eraman duela heriotza hain modu trebean lantzera. Inork ez digu doluarekin tratatzen irakatsi, nola egin aurre, nola osatu norbaiten heriotzak uzten duen minetik, eta dokumental zintzo hau, nire ustean, horri guztiari arnasa ematen dion kontakizuna da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!