Zizur nagusiko asanblada marikak Marikaroa antolatu du urtarrilean. Hainbat ekintza izan dira, eta ederra izan da belaunaldi eta ildo eta belaunaldi anitzetako kideak batzea. Areago, jende asko hurbildu da, aspaldi ez ikusitakoa, eta parte hartzaileen artean sortu den gertutasuna ere nabarmentzekoa da, covidak kendutakoa berreskuratu izan bazen bezala.
Identitateen eztabaida eraman da erdigunera, eta zalantzan jarri heteronormatibitate hegemonikoa, eztabaida sakonekin, baina esperientzia pertsonalak ere mahaigainera ekarriz. "Zer sentitzen garen galdetzen digute, nor garen galdetu beharrean", zioen aktibista trans batek. Hau da, norbait ez da "emakume sentitzen", emakumea da, eta aldarrikatu zuten binarismoarekin amaitzeko beharra, baita generoen eraikuntza zurrunekin ere.
Eta hilabetea amaitzeko, vogue gaua. Frontoia bete zen, eta bertan egin zuten ikusi dudan ahalduntze adierazpenik handienetakoa. Elkartasun handia, jai giroa, besarkadak, musuak eta elkarri babesa ematea, hori guztia eta gehiago izan zen iragan ostiralean zizurren. Eskerrik asko Marikaroa, plazera izan da.