"Euskara onena, euskara"

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2021ko aza. 22a, 14:27

Berriki aurkeztu dira euskararen inguruko bi ekimen handi: Euskaraldia eta Korrika, biak 2022an egitekoak, ideia bertsuaren baitan, hitzaren garrantzia azpimarratu baitute euren leloetan. "Hitzez ekiteko garaia" lehena, "Hitzekin" bigarrena.

Pandemiak gogor kolpatu ditu gizarte mugimenduak, eta halako dinamika erraldoiek herritarrak berraktibatzeko balio ahal dute. Ez gara zerotik hasten, dena den. Gogoak eta ilusioa somatzen dira. Euskaraldiaren hirugarren edizioko aurkezle lanetan aritu ziren Estitxu Fernandez eta Zuhaitz Gurrutxaga. Bigarren honek kale inkesta bat egiteko saiakera egin zuen, bertaratutakoei galdetzen zein hitzekin deskribatuko luketen Euskaraldia. Ez al gaitu euskaldunak ezagutzen ala! Proposamen hori jaurti eta jendeak atzera egin zuen automatikoki. Animatu zirenek hitz politak bota zituzten, hala nola, "sumendia", "festa"... Nik, lagunekin izkinan, "poza" erran izanen nuke. Hori baita sentitzen dudana euskararen bueltan hainbeste lagun elkartzen garenean. 

Eta zer esanik ez, uste dut bete betean asmatu dutela leloekin. Zaldieroaren tira batean apezpikuak Yodari erraten dion moduan: "Euskara onena, euskara".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!