Pandemia amaitu dela bildu zuten Nafarroan hedabideek iragan astean. Euforiaz jasoko genuela uste nuen berriak, epel hartu gintuen gehienok. COVID-19aren inguruan ematen diren informazioek jendea aspaldi gogaitzen dutelako jada. Batez ere interes politikoak osasun beharrekin paraleloki ez doazenean. Pandemia amaitu den berria ez ote da gauzak hobetuko diren itxaropen horri heltzeko?
Gainera horrekin zer erran nahi ote dute? Politikariek eman dute mezua, osasunaren alorreko profesionalak horrekin bat daude? Birusak jendartean jarraitzen du eta txertoen luzerako eraginkortasuna frogatzeke dago, ez baita behar haina denbora pasa.
Mezu hori ematearekin batera, ordea, ez dira "koronabirusari aurre egiteko neurriak" arindu. Pandemiaren izenean ezarritako kontrol sistemek indarrean jarraitzen dute, larunbatean Iruñean zegoen presentzia poliziala egundokoa zen, garagardo pare bat erosi nahiez gero, txikizkako salerosketan zinela zirudien. Beldurra ematen du, ez ote ditugun kontrol neurri horiek modu naturalean barneratuko. Arduraz jokatu behar dugu birusarekiko, baina izan gaitezen kritiko bizi dugun egoerarekin.