Azkar iragan da beste ikasturte bat eta uda ate joka dugu jada. Bizitza lan-urtetan antolatzen dudan arren, uste dut guztioi gertatzen zaigula buruan dugula urtea ikasturtetan antolatzeko joera. Eta egoerarik makalenak igaro arren, udak eta opor usaiak halako lasaitasun eta zoriontasun bat sortzen digu.
Beti gaudelako, edo nik ezagutzen ditudan gehiengook, asteburua, oporrak, uda, denbora librea iristea itxoiten. Horrela bizi baikara: esperoan. Horrek ez du erran nahi egiten dugun lana gustuko ez dugunik edo kaxkarrago egiten dugula. Baina nola harrapatzen gaituen lanak, hortik ihesi egin nahi dugula etengabe. Dramarik gabe diot, baina unibertsitate garaian lana nola idealizatzen nuen oroitzera naramate pentsamenduek askotan.
Ez dira garai errazak (txikia naizenetik etengabe entzuten dudan lema, krisia, langabezia eta pandemia, orain), eta horregatik esker onekoa naiz egun dudanarekin, egoera askoz okerragoak daudelako. Betiko kontsolamendua. Baina tira, uda dator, tenperatura goxoak hemen eta oporrak, gero beste ikasturte bati ekiteko. Beraz, uda ona izan, gozatu ingurukoez eta ongi sentiarazten zaituztenez, eta hurrengorarte.