Vivotecnia animalien esperimentazio zentroa, Madrilen, sona handikoa izan da azken egunotan Ezkutuko ikerketa batek animalien aurkako tortura bortitza ezagutzera eman du. Irudi gutxi batzuekin nahikoa zait, ez naiz gai ankerkeria horren lekuko izateko. Orain eten egin dute zentro horren jarduna, tratu txarrak frogatu direnean.
Haserrea zabaldu da gizartean, sarean salatu du jende askok eta sumina sentitu dugu ikusitakoagatik. Gaitzespena orokorra izan da.
Ausartuko naiz erratera, ordea, ikusitakoa izebergaren punta baino ez dela, animalien aurkako indarkeria oso orokortua eta normalizatua dugula gizartean, haragi puska batek atzean duen sufrimendua esperimentazioa jasaten duten horien tamainakoa edo handiagoa dela, froga horiek izanagatik, ez dela leku bakarra hori gertatzen dena. Halaber, duela gutxi izendatu zuten goitizenez Aitor Garmendia bezala ezagutzen den argazkilaria 2021eko World Press Photo sarietara, Txerri haztegi industrialetako indarkeria erakusten duena. Vivotecniaren aurka bai, haztegien aurka ez? Nola neurtu zein sufrimenduk balio duen gehiago?