El agente topo dokumentalaren aurrestreinaldia izan zen iragan ostegunean golem zinemetan, maite Alberdi txileko egileak zuzendua, eta hainbat saritarako hautagaia. Oscar sarien lasterketan ere sartuta dago. IPES elkartearekin elkarlanean antolatu zen ekitaldia. Alberdi gonbidatu zuten harekin filma amaituta solasaldi bat izateko, zoom bidez, pantaila handian.
Hasteko eta behin, dokumentalaren hariaren zertzeladak emanen ditut. Zahar etxe batera sartzen den agurea da Sergio, ezkutuko detektibe baten lanak eginen ditu. Dokumentalak haren egonaldia eta bertan bizi direnena erakutsiko digu. Hunkigarria oso, eta askotan igartzen ez zen marra bat fikzioa eta errealitatearen artean.
Dokumentala bezain interesgarria izan zen Alberdirekin izandako hizketaldia, eta hark ekarri zizkigun hausnarketak. Covid garaian filmatutako lanak, paradoxa bat ezartzen du zahar etxearekin. Askok itxita ikusi dugu gure burua lau pareten artean, baina ikusezina den konfinamendua pairatzen dute zahar askok, gizartearentzako eraginkorrak, efizienteak ez direnean, bertara sartzen baititugu. Euretako asko jada hala bizi ziren, itxialdian. Alberdik ongi erran zuen askorentzat begiak irekitzeko balio izan duela pandemiak, hain bortizki kolpatu dituen helduak aintzat hartzeko, euren egoeraz kontzienteago izateko.