Martxoaren 8ko atarian

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2021ko mar. 1a, 15:25

Ia urte bat iragan da konfinatu gintuztenetik, eta are gertuago dugu martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna. Jopuntuan, nola ez, feminismoaren aurka daudenengan. Askok egun hartako manifestazio handiak seinalatu zituzten koronabirusa zabaltzearen errudun, baina isildu egin dira maskararik eta antolakuntzarik gabeko agerraldi negazionista niretzat zentzugabeen aurrean. 

Dena dela, aurrera doaz martxoaren 8ko prestaketa lanak, eta zaintza oinarri duen halako mugimendu erraldoi batek, ez dut zalantzarik kontzentrazio edo elkargune seguruak izanen direnik. Kritikak izanen dira ziurrenik, eta nola ez dira izanen, pribilegioak ikusten baituzte arriskuan edo mehatxuan. Eta hala ez bada, klasismo eta indibidualismo amorratuagatik, norberaren onura guztiaren gainetik jartzeagatik. 

Egungo egoera ez da ona, zenbat sufrimendu izanen den isilean. Indarkeria matxista jasaten duten emakume helduen erreportaje bat irakurri nuen aurrekoan, pairatu dutenaren testigantzak, zeinen zaila den hori identifikatzea eta eurak laguntzea. Hainbeste esparru barnebildu behar dira... Eta aldi berean gero eta batuago gauden emakumeen sarea ikusten dut, elkarri gero eta gehiago laguntzen diogunak, akatsak akats, eta hobetu beharreko guztiarekin, deseraiki eta berriz landu beharreko diskurtso eta ikuskerekin, berritzen ez den mugimendu bat ez baita iraultzailea, eta martxoaren 8ko atarian elkarri ematen diogun sostengu eta laguntza nabarmendu nahi ditut.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!