Azaroaren batean Bilbon eginen da hirugarrenez manifestazio antiespezista, gizakiaz besteko animaliekiko jazarpenaren aurka, Nor Antiespezistak antolatuta.
Gogoan dut taldea noiz sortu zen. Pozez hartu nuen berria, nire prozesu bete betean. Erreferente bat Euskal Herrian. Horrek ere indarrak ematen dizkio bati borroka antiespezistan berresteko, horren babesa sentitzeko, birtualki bada ere, nahiz eta mugimendu honen subjektuak ez garen gizakiak, gainontzeko animalia guztiak baizik. Eta halaber beste borrekiko guztiz iraultzailea da. Hori argi gelditu zen, besteak beste, Norrek antolatutako topaketetan: zaintza espazio seguruak, mistoak eta ez mistoak, autogestionatua, antiarrazista eta feminista; deseraiketa lan itzela.
Egungo egoera izanagatik ere, oso lan garrantzitsua egiten jarraitzen du Nor Antiespezistak, animaliek konfinatuta jarraitzen baitute zooetan, milioika hiltzen baitituzte bortizki hiltegietan, ezkutuan betiere, eta bestelako sufrimendu mota asko jasaten baitituzte. Azaroaren bata horren guztiaren aurkako aldarrikapen eguna izanen da, ezin baita askapenaz hitz egin gizakia gainontzeko animaliekiko jazarle den bitartean.