Ikasturte berriaz, delako normaltasun honetaz hitz egin behar nuen, baina ni neu ere nekatuta nago horretaz, egoera ezohikoaz, nahiz eta guztiok ematen diogun buelta, hobe edo okerrago, askorentzat galera handia da moralki, emozionalki eta ekonomikoki.
Hona ekarri nahi nuen gaur, hortaz, bi urte, lau hilabete eta egun bat, lander garroren dokumentala. Duela aste batzuk izan zen estreinua, eta egungo egoerarekin paralelismorik eginen banu, intsumituek bizi zutenari buelta emateko izan zuten adorea eta indarra aipatuko nituzke. Hori da dokumentalaren gaia, intsumituen borroka, batez ere Iruñeko kartztelan aurrera eraman zutena.
Intsumisioak ordea ez zituen bakarrik presondegira eramandako antimilitaristak batu, komunitate oso bar inplikatu zuen, eta hortik eratorri ziren beste hainbat borroka, baita mundua ikusteko beste modu batzuk ere bai. Gomendagarria oso, dokumentala. Goxotasunez kontatua, baina gogorra aldi berean, eta ez ahaztekoa.