Gizakion pertzepzioez

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2020ko eka. 15a, 14:54

Guztiok etxean konfinatuta gelditu behar izan dugun arren, aldaketak izan dira gizartean, alor askorekiko dagoen ikuskerari dagokionez: mugimendu feministak aspaldi aldarrikatzen dituen zaintza lanak balioetsi dira, kulturaren beharra nabarmen gelditu da edo kontsumo lokala sustatzearen garrantzia. Gustatuko litzaidake pentsatzea horrek guztiak mugarri bat ezarri duela, pertzepzioen aldaketa hori iraunkorra izanen dela eta izaera legala duten neurriak ekarriko dituela gizartean, aipatu alorretako langileei soldata eta baldintza duinak ezartzea, adibidez.

Eta pertzepzioez ari garela, COVIDaren irakurketa egiteko ekuazioan gizakiaz besteko animaliak gehituko nituzke. Polemika izan da gizartean txakurrak ibiltzera atera zitezkeelako, animaliei eskubiderik aitortu ezin balitzaie bezala, "haurrak ez, txakurrak bai" konparaketa eginez. Horrek guztiak atzean ezkutatzen du animaliekiko nagusitasuna. Oraingoan, pandemia, elikadura-zoonosi bidez gertatu da, aurreko epidemia asko bezala. Wuhanen animalia basatiak bost urtez jatea debekatuko zutela irakurri nuen, baina ez animalien onerako, noski, baizik eta gizakia infekzioez salbatzeko. Berriki desestali zituen Nor Antiespezista antolakundeak zooen gezurrak, grafikoki erakutsi zuen zein ondorio lazgarriak dituen animalien osasunean eta ongizatean kaiolatan konfinatzeak. Askok horiekin enpatizatu dute, beharbada zooekiko zuten pertzepzioa aldatu zaie. Noiz hobe, gainera, gizakiak bere burua ere konfinatuta ikusi duenean. Baina, gogoratu, hala eta baldintza okerragoetan bizi dira milioika norbanako, gizakion kontsumorako bideratuak, besteak beste.

Aurrekoan, mendiko bidexka batean suge bat topatu genuen gure ibilbidearen erdian, burua eguzkirantza altxatua. Duela urte batzuk izutu izanen nintzen, beharbada, sugeekiko dugun pertzepzio orokorragatik, hau da, inongo arrazoirik gabe eraso eginen digutela. Orduan, ordea, mirespenez begiratu nuen metro batzuetako distantzian; naturan, libre. Guk bideari ekin genion berriz, eta atzean utzi genuen sugea, eta pentsatu nuen zenbateirano eragin dezakeen gizakiz besteko animaliez dugun pertzepzioak, eta ez dela hain zaila euren bizitzak ere errespetatzea, haiekiko enpatia sentitu ala ez, justiziagatik, edo besterik gabe bizitzeko eskubidea duten norbanakoak direlako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!