Gaur azaz hitz egin nahi dizuet. Oso elikagai osasuntsua eta goxoa da. Mila gauza egin daitezke gainera azarekin. Halako batekin aste osorako janaria egin nuen: zopa, lekaleak azarekin edota azadun kroketak. Zenbaterako ematen duen aza batek!
Asteburu honetan, herrian, beste aza bat eskatu diot aitari. Hor ditu hamarnaka landatuak. Badakit atseginez ematen didala berak zaintzen duen baratzeko jana, eta nik ere atsegin dut berak atsegitea nik herriko aza preziatzea.
Noizbait landatzen ikasi beharko nukela erraten diot nire buruari, baita dituen gereziondoak eta beste zaintzekoa ere. Pentsatzen dut zenbat dakien aitak lurraz, mendiaz, eraikitzeaz eta niri hain urrutikoak egiten zaizkidan gauzez, zenbat lezio ematen dizkidan umiltasunez, eta, era berean, zein gutxi baloratua dagoen hori guztia; gustatuko litzaidake sinets zezan dakienak duen garrantzian. Eta zin dagit munduko azarik hoberenak direla.