Hotza ari du. Garaia zen hotza etor zedin. Zirudien udazkena galtzen ari ginela, hemen, Nafarroan, ez baita arrunta azaroan terrazatan hotzik ez pasatzea eta beharrezko hainbat arropa geruzak armairuan jarraitzea.
Hotzak badu bere xarma, eta betirako uda ez dugu nahi. Sasoi bakoitzari, berea. Udaz gozatzeko behar dugu neguko hotza, eta alderantziz ere bai.
Hotz ernatu da hauteskunde osteko eguna. Ohetik altsatzeko nagia handitzen da egun hotzak datozenean. Halere, baditu bere gauza onak, inguru elurtuak alaitzen baitu bista. Bulegoko berotasunetik elurra erortzen ikustea oso gustoko dut.
Baina badaude hain atseginak ez diren hotzak. Eta Nafarroa, gaur, eder badago ere, hotza, elurra eta guzti, nahiz eta Bel Madrileko kongresuan izatea pozgarria den oso, ezin burutik kendu inkontzienteak dakarkidan etengabeko marmarra, Voxek 52 diputatu izanen dituela, eta horrek eragiten duen hotzikara ez da bat ere atsegingarria, hotz hori baliatu beharko dugun arren gutxiestekoa ez den jende masa ultraeskuindar horri aurre egiteko. Gaur, hotz handia ari du.