Duintasunak, gainezka

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2019ko urr. 14a, 17:06

Elkartasun hitzak besterik ez ditut gaur Kataluniari zuzendurik. Jakina zen gertatutko zena, baina politikariei ezarritako zigor itzelen aurrean haserrea tamainakoa da.

George Orwellen eleberri ospetsua datorkit burura, 1984. Aipatzen ez dena, ez da existitzen. Isilarazi nahi dute miloika herritar batzen dituen mugimendu bat. Baina ezkutatzen saiatu arren, jazarpena eta jipoiak izan ziren urriaren 1 hartan. Orwellek Espainiako hedabideez ere idatzi zuen bere garaian, haren ustez gertakariak eta horien kontakizunak ez zetozelako bat. Kazetaritza etikoa zer den ahaztu dutela dirudi, status quoa gordetzearen eta Espainia ez den beste nazioen aurkako gorrotoa elikatzearen izenean. 

Eta gaztaroa lapurtu dieten Altsasukoak espetxean, muntaia mediatiko, polizial eta politikoak babestua. Eta Errepublikaren Babeserako Batzodeko kideak terrorismoagatik epaitu nahian. Eta urriaren 12an Hispanitatearen eguna, erakustaldi militar izugarri eta zentzugabea, hori guztia eta gehiago bermatu nahi duena, itxaropen argiak itzaltzen saiatzen dena. Nola egon daiteke autokritikarako eta elkarbizitzarako hain borondate gutxi? Milaka dira erantzunak, baina oraindik ere harritzen naiz gordetzen duten gorrotoaz eta zein zoru etikoan eraikitzen den Espainiako estatua. 

Baina atsekabeak atsekabe, itzela da ikustea kalean batzen den eta elkartasuna adierazten duen jende andana. Gogoan dut Bartzelonako manifestazio bateko ohiua: "No hi ha prou presons per a tanta dignitat. Ez dago presondegirik hainbeste duintasunarentzat".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!