Iganderik igandeena

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2019ko ira. 16a, 15:37

Atzokoa izan zen niretzat urteko iganderik igandeena, uda ia iragan baita, eta atzo bukatu ziren, gainera, herriko jaiak. Alaitasunez eta ardurez libre jardun ditugun egun horiek ikasturte berri bateko errutinarekin ordeztu ditugu bat-batean. Irailari seriotasunez aurre egiteko ordua da behingoz.

Entzun izan diet zenbaiti uda amai zedin gogoak zituztela, jertse loditxoak soinean jartzen dituzteneko goxotasun hori sentitzekoa. Udazkenak, gainonteko sasoiek bezala, badu bere xarma. Eta zer hoberik datorrenari baikortasunez heltzea baino? Ni ere horretan saiatzen bainaiz ere, aitortu behar dut inertziagatik jarduten dudala normalean irailetan; egitekoak betetzen, baina sobera pentsatu gabe. Irailak gauza ederrak izanagatik, udak direnez hain puntakoak, ezin dut ekidin melankolia puntu batekin jokatzea. Nostalgia arrastatzeko hilabetea da, oda bat dedikatzekoa, Berri Txarrak edo Green Day musika taldeen antzera.

Proiektu edo helburu berriek sortzen duten hasierako zirrarari atxikituko naiz eta atzo izan zenez iganderik igandeena, datorrena hobea izanen da, ziur.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!