Negu eternal honetan murgildurik gaudela, hotz, elur eta euriek harrapaturik gaituzten honetan, goibeltasuna dario ere irrati honetako iragarkien atalari. Bada azken aste hauetan aditu ez dugun iragarkirik eta pena berezi bat sumatzen dut. Jituren iragarkiaz ari naiz, noski. Abesti eta ahots alai batek iragartzen zigun bazela Mercaderes karrikan denda txiki bezain berezi bat. Jituri Abarzuza liburudendak jarraitu dio eta seguraski, tartean izan dela pertsiana jeitsi duenik ere. Aste honetan ere herriko txapistak itxi egin du, segidarik gabe, tailerrean nork lan eginen duen lortu gabe.
Dendak, tailerrak, negozio txikiak, komertzioak. Horren ordez pertsiana ilun bat, edota frankiziaren batek hartzen ditu hutsune hauek. Non konponduko ditugu zapetak, erosiko ditugu liburuak, konponduko dugu kotxea edo janen dugu bokata dezente bat? Ez da giro geroz eta despertsonalizatuagoak diren herri eta hirietako karriketan, ea udako eguzkiak alaitasun pixkatxo bat dakarren gurera.