Barkatuko didazue, baino pastu den hilabeteko gaiari berriro helduko diot. Gobernu berria osatzearekin batera aldaketa batzuk izan dira exekutiboaren egituran, tartean Proiektu Estrategikoen zuzendaritza nagusiaren desagerpena, eta guretzako, Pirinioko bizilagunendako ez da kontu txikia, izan ere hau zen Pirinioko Plana delakoa aitzinera eramateko arduradunetako bat.
Atzo, deialdia egin zuen Jaurrietan Pirinioko Mahaiak egoeraren berri emateko eta gure susmo txarrenak bete ziren. Gobernua entzungor mahaiak egindako informazio eskaerei, behintzat orain artekoa noren esku geldituko den jakiteko. Mahai gainean berriro ere Gobernuaren utzikeria, Nafarroako instituzioen pasibotasuna, urtean biztanleriaren %10a galtzen duen lurralde batekiko. Pirinioko bizilagunak ez gara itsuak eta badakigu honen gibelean PSNren azpijokoa dagoela, ez dakigu ordea oso ongi zergatik. Gaur etorriko da despopulazioko zuzendari nagusia, ikusiko dugu lanerako jarrerarekin datorren edo postureoa bertzerik ez den.
Atzokoan Jaurrietako frontoia udal eta bailaretako juntetako ordezkariz zein eskualde osoko bizilagunez bete zen. Ardura eta urduritasuna nabaria zen, egoeraren larritasuna ikusirik, baino batez ere aitzinera egiteko gogoa izan zen gailendu zena, badakigulako Pirinio bizi bat gure esku dagoela.