Hasi da ikasturtea. Hilabete pasatxo ikasgelak bete genituenetik, ikasturte politikoa ere martxan da, baita Euskalerria Irratiko denboraldi berria. Azkar joan zaigu uda, azkar igaro ere iraila..
Nafarroako Gobernuak ikasturte berri honetan AHTa hartu du ardatz. Horretan dabil buru belarri, eta bolo-bolo ibili da gaia. Badakigu aski garrantzitsua dela nafarrontzat Madrilera 20 minutu lehenago ailegatzea eta hori lortzeko berdin zaigula Erdialdeko eta Erriberako herriak tren geltokirik gabe uztea. Bizitza azkar doa, gu aztoraturik bizi gara eta horri eusteko ezinbertzeko azpiegitura behar dugu: Abiadura Handiko Trena.
Bitartean, bada biztanleriaren zati garrantzitsu bat abiadura horretatik at bizi dena. Lasai bizitzeko hautua egin duena, sistemak eskaintzen digun bizimoduari alternatiba bat planteatu diona. Erronkariko biztanleak izan daitezke hauek, zeintzuei Nafarroako Gobernuak mediku bat kendu dien, edota iragan den ikasturtean eskola garraio duin batengatik borrokan ibili ziren Aezkoako gurasoak. Izan litezke ere, Martzilla, Lizarra edo Orkoiengo gurasoak aurtengoan eskola garraio duina aldarrikatzen ari direnak.
Garrantzitsuagoa da Madrilera 20 minutu lehenago iristea, gure herrietan zerbitzu publiko duinak eskaintzea baino. Beti presaka.