D ereduaren aldeko kanpainarik ez aurtengoan ere, lan eskaintza publikoetan alemanierak, ingelerak eta frantsesak 4 euskarak 0, haur eskoletan euskararik ez, unibertsitatean euskaraz ezin ikasi, epaileak euskararen aurkako borroka etengabean. Iraganeko kronika izan zitekeen, ordea, azken asteetan Euskal Herrian gure hizkuntzak bizi duen egoera larri eta negargarriaren adibide da.
Egia errateko, aski ongi dakigu gure hizkuntzaren aurkako oldarraldian bizi garela eta uneoro dela gure hizkuntza erasotua eta gure eskubideak zapuztuak. Hauxe izan daiteke gure aitatxi eta amatxiren uskaraz ez elekatzearen ezta hau ezagutzearen arrazoietako bat.
Argi izpi bat zabaldu zen orain dela gutxi Ariben, bertan burutu baitzen “bortuetako euskalkien foroa”. Pirinioko bailaretako uskararen eta euskalkien egoera aztertzeaz gain, aitzinera begirako asmoak plazaratu genituen eta argi gelditu zen badela gurea arbasoen elea mantentzeko eta berreskuratzeko nahi eta borondatea. Benetan pozgarria!
Jarraitu dezagun beraz, betiko moduan, kontrakorrontean oasiak ureztatzen eta berriak sortzen, gure aitatxi eta amatxiei lapurturiko elea berreskuratzen eta mantentzen.