Iritsi dira sasoiko ekaitzak, haize boladak, aldatu dugu ordua, koronabirus kasuek gora etengabean, kaleratzeak eta negozioen itxiera eta neurri murriztaileak nonahi. Beldurrezko pelikula baten hasmentan gaudela dirudi, amaierarik gabekoa gainera.
Sistemak aurrera jarrai dezan, lantokietan, garraio publikoan eta ikasgeletan dozenaka lagun biltzen jarraituko gara, zalantzazko segurtasun neurriekin. Bitartean, kaleak isilik dira hainbat borroken oihartzuna aitzen bada ere. Kolektibo, asanblada eta herri mugimenduaren parte diren asko eta askok haien jarduna kolokan ikusi dute, antolatu eta biltzearen beldur, pandemia garaietan kaleak hartzeak dakarren erantzunkizuna dela eta.
Ez dezagun utz negu luzeak gu ere apaltzea, presta dezagun gure herri eta auzoetako udaberriaren loraldia.