Egunotan albisteek gainezka egiten digute. Aurrean daukagun mundua ziurgabetasunez beteta dago: hauteskundeak, mobilizazioak, krisiak eta, ezin ahaztu, genozidioa. Hala ere, ziurgabetasun hori zaharkituta dagoenaren gainbeheraren ondorioa ere izan liteke. Horrek aukera emango liguke, demagun, espekulatzaile eta errentistak babestu dituen sistema kolokan jartzeko; supermerkatuetako prezioak etengabe igotzea eta irabaziak handitzea ahalbidetu dutenen zilegitasuna zalantzan jartzeko; eta lan-baldintzen kaskartzearen kontura etekinak handitu dituzten enpresarien negozio-ereduarekin hausteko. Paradoxikoa izan daiteke, baina zaharkitutako egiturak kolokan jartzeko tresnak langileriak betidanik eskura izan dituen berberak dira oraindik: mobilizazioa eta, bereziki, greba. Berandu iritsi den ala ez eta nora eramango gaituen eztabaidatu daiteke. Baina ilusioa piztu dit greba orokorraren deialdiak. Ziurgabetasunak antolaturik harrapa gaitzala.