Twitter erabiltzen dutenek ikusiko zuten sare sozialak ematen duen aholkua: "Ukrainako albisteak, gertatu ahala. Egon informatuta adituen eta tokiko iturrien bidez". Esteka bat du mezu horrek, ez dakit nork filtratutako informazio jario bat jasotzeko.
Bada egunero Twitterren irakurgai den beste mezu bat: "Ezkutatutako kontua". Mezuak dio Rusia Todayren Twitter kontua gorde egin dutela Europar Batasuneko herrialdeetan "legezko eskakizun batengatik". Informazio eta adierazpen askatasunaren Europa.
Atzo bi aste iragan ziren beste kontu bat ezkutatu zutela. Hau larriagoa da, zoritxarrez mundu analogikoan gertatu baitzen: Pablo González kazetaria Polonian atxilotu zuten. Bere familiako kideek eta abokatuak ezin izan dute harekin hitz egin oraindik. Espioitzaren aitzakiarekin ezkutatu dute; eta ezkutatu digute guri bertatik bertara aditu batek ematen zuen informazioa.
Gizarte aske batean ezinbestekoak dira kazetari askeak; gainerakoan, nekez egonen gara informaturik. Horregatik, ozen esan beharra dago: Pablo González askatu!